Urteko hilabete beroenetan murgilduta gaude, eta iruditu ez arren, haurrek jasan ditzaketen bero-kolpeen ondorioak latzak izan daitezke.
Baina zer da BERO-KOLPE bat?
Gorputzeko tenperatura bat-batean 40ºC arte igotzen denean BERO-KOLPEA deitzen zaio. Gure gorputzak 37ºC-tan funtzionatzen du; tenperatura honen aldaketek ondorio larriak ekar ditzakete eta aldaketak eman ez daitezen, gorputzak izerdia bezalako mekanismoak erabili ohi ditu. BERO-KOLPE bat jasaten dugunean, mekanismo guzti hauek funtzionatzeari uzten diote eta tenperatura igotzen denez, gorputzak likido asko gal ditzake. Ondorio neurologikoak eta heriotza ere ekar ditzake. Haurrek gainera, oso gutxi izerditzen dute eta ondorioz beroa gorputzean zehar banatzeko arazo gehiago dute.
Haurrak eta 65 urtetik gorakoak izaten dira bero-kolpeak jasateko arrisku gehiena dutenak. Hauekin batera, gaixotasun kronikoak dituztenak, bihotzeko arazoak eta ezintasun fisiko edo psikikoren bat dutenak ere.
Zein dira BERO-KOLPEaren sintomak?
- Zorabioa, desorientazioa.
- Gehiegizko izerditzea hasieran eta gero izerdirik ez botatzea.
- Buruko mina.
- Konbultsio atakeak.
- Inkonzientzia.
- Sukar altua.
- Azaleko gorritze eta lehortzea.
- Botaka egitea.
- Arnas arazoak.
- Ezohizko agresibitatea.
Nola egingo diogu aurre BERO-KOLPEari?
- Bero-kolpea jasan duen pertsona, itzalean eta hankak goraka dituela jarri.
- Larrialdi zerbitzuei deitu.
- Bilatu leku aireztatuak edo egokituak.
- Arropak kendu eta tenperatura jaisten saiatu, toaila bustiak edo izotza jarriz (besazpi eta ingleetan batez ere).
- 40ºC baino gehiago badu, ur hotzarekin bainu bat eman 38ºC baino gutxiago izan arte.
- Tenperatura kontrolatzen joan.
Prebentzioa
- Eguneko ordu beroenak ekidin (eguerdiko 12etatik arratsaldeko 5rak artekoak).
- Likido asko edan, egarria sentitu ez arren. Haurrei behin eta berriz ura eskaini behar zaie. Ura edo fruta-zukuak izan daitezke.
- Itzaletik ibili.
- Arropa arina erabili, kotoizkoa bada hobe, eta haurrei txapela jantzi.
- Elikadura zaindu eta ez jan grasa asko duen jakirik. Maiz jan, kantitate txikiak eta arinak (frutak eta barazkiak alegia).
- Kotxearen barruan ez utzi inoiz haurrak eta utzi behar badituzu, leihoak irekita egon daitezela.
- Jarduera fisikorik ez egin bero asko dagoen bitartean.
- Busti gorputza egunean bi edo hiru aldiz.
Informazio gehiago:
Tenperatura handien arriskua (Consumer.es)
Osasuna: Bero-kolpea, udako arriskurik ezezagunenetakoa (Argia.eus)
Haurrak eta beroa: bero-kolpeak ekidinez (Ttiklik.com)
- Gurasoei gutuna - 2017/12/08
- Eskolara buelta: Egokitzapena - 2017/08/31
- Udan ere etxerako lanak? - 2017/07/20
- Ziberjazarpena. Nola antzeman dezakegu? - 2017/06/14
- Biolentzia mota berria: Ziberjazarpena - 2017/05/04
- 1-3 urteko haurren nutrizio-beharrak - 2017/03/06
- Origamien mundua. Geometria - 2017/01/19
- Neskak eta mutilak. Norbera, den bezalakoa - 2016/11/24
- Adimen emozionala bideoen bidez - 2016/10/27
- Matematikak modu dibertigarrian irakatsi: Pentominoak - 2016/09/22