Ez naiz etxerako lanen aldekoa, ez behintzat gaur egun bidaltzen diren modukoak. Ikasturtean zehar bidaltzen direnentzako beste sarrera bat badut idazteke, baina momentuz udako etxerako lanez arituko naiz.
Gure haurrek ikasturtean zehar ikaragarrizko presioa eta estresa jasaten dute; gaur egungo hezkuntza sistema konpetitibo honetan dena doa ‘hoberena’ izatera bideratua. Matematiketan hoberena, hizkuntzetan hoberena, kirolean hoberena… eskolako orduez aparte eskolaz kanpoko jarduera ugaritara izena emanda egoten dira eta hori gutxi bada, ia egunero dituzte eskolatik zein kanpoko ekintzetatik bidalitako etxean egiteko lanak.
Eta uda iristean zer? Ba etxerako lan gehiago! Ariketa-koadernoak, errepaso liburuak, testuz beteta dauden buruketak…
Haurrek urtean zehar ikasitakoa ahaztuko duten beldurrez lan-koadernoak ematen zaizkie, uda hasieran 2-3 egunetan edo uda amaitzear dagoenean korrika eta presaka egiten dituztenak. Kasurik onenean, eta gurasoak gainean egonda, egunero minutu batzuk egingo duen haurren bat egongo da… baina hau ez da ohikoena.
Etxerako lanak bidali behar badira, haur bakoitzari egokituak izan beharko lirateke. Haur guztiak ez dira berdinak eta ez dute lanketa berdina egin beharrik. Matematiketan gaizki dabilen haur bat ez dezagun uda osoa ‘matematikak’ egitera behartu. Nahiko sufrituko bait du ikasturtean zehar.
Matematikak indartzea bada helburua adibidez, haurrari hauei gustua hartzeko tresnak eman beharko zaizkio. Ez dezala zigor bat bezala hartu, jolas bat bezala baizik. Matematikak lantzeko jolas eta jostailu pila daude gaur egun. Naturan ibiliaz ere landu dezake matematika, gauzak kontatuz, sailkatuz, multzokatu eta biderkatuz … txangoak eginez distantziak, espazioak eta azalerak kalkulatuz…
Hizkuntza edo irakurketa kasuetan berdin. Haurrarekin ‘negoziatu’ beharko litzateke, irakurtzekotan zer irakurriko lukeen galdetu, bere gustuko testuak aukeratu eta poliki-poliki irakurtzen has dadila. Irakurtzen duena interesatzen zaigula adieraz dezakegu eta aurrera doan heinean guri kontatzera animatu, marraztu dezala irakurri duena, antzeztu… eskulanen batekin adierazi…
Beraien etxerako lanak izan daitezela esplorazioa, harri bilketa, mendira joatea, txirrinduan ibiltzea, margotzea, eskulanak egitea… utz dezatela irudimena martxan eta ikusiko duzue nola hurrengo ikasturterako garuna gauza berriak ikasteko prest izango duten!
Interesa izan dezaketen artikuluak
20 juegos para aprender en verano sin cuadernos de vacaciones
Dobble: azkartasuna, kontzetrazioa eta ikusmena
Speed cups: azkartasun eta kontzentrazio jokoa
Irakurtzea gomendatuko nukeena
Deberes escolares en vacaciones, ¿sí o no?
The Tyranny of Homework: 20 Reasons to Stop Assigning Homework Over the Holidays
- Gurasoei gutuna - 2017/12/08
- Eskolara buelta: Egokitzapena - 2017/08/31
- Udan ere etxerako lanak? - 2017/07/20
- Ziberjazarpena. Nola antzeman dezakegu? - 2017/06/14
- Biolentzia mota berria: Ziberjazarpena - 2017/05/04
- 1-3 urteko haurren nutrizio-beharrak - 2017/03/06
- Origamien mundua. Geometria - 2017/01/19
- Neskak eta mutilak. Norbera, den bezalakoa - 2016/11/24
- Adimen emozionala bideoen bidez - 2016/10/27
- Matematikak modu dibertigarrian irakatsi: Pentominoak - 2016/09/22